La historia

Historiaurrea

Gizakia Historiaurretik bizi izan da Artziniegako lurretan. Horren lehen aztarnak Retes Tudela elizaren ondoan dagoen kobazulo batean aurkitu ziren. Hortik hurbil, Gordelizen, aldare erromatar bat aurkitu zen XVIII. mendearen azken aldera, latinezko inskripzio batekin. Arteko Gure Amaren Santutegian XX. mendearen bigarren erdialdean egindako indusketetan, giza asentamendu baten aztarnak aurkitu dira, hain zuzen ere IV eta VI. mendeen arteko kultura erromatarreko tresnak.

Lehenengo datuak

Artziniegako historia idatzia 1272an hasi zen, Gaztelako errege Alfontso X.a Jakitunak Hiribildu egin zuenean. Une horretan berretsi zen Hiribilduan Bizkaiko Foruak aginduko zuela, berez zegokionak, eta zerga eta ekonomiaren alorrean Gasteizeko Kontzejukoak. On Tello hil artean, Bizkaiko Jaunaren agindupean egon zen. Hil zenean, 1370ean, bere anaiak, Gaztelako Enrike II.a erregeak heredatu zuen eta urte bete geroago Pedro Lopez de Aialari, Kantzilerrari opari egin zizkion Orozko eta Laudioko haranak eta Artziniegako herria. Aiarako Jaunek, eta Veragua, Berwick eta Liriako Dukeek geroago, alkate nagusiak izendatzeko pribilegioa izan zuten 1817ra arte, Artziniegan eskubide horretaz baliatu ez arren. Izan ere, Artziniega jauntxo horien mende egon arren, ez zen inoiz Jaurerriko hiribildu izan, zentzu estuan behintzat. Jaunak hasiera batean justiziaz arduratzen zen alkaidea izendatu zuen eta geroago, kontzeju irekiak bere ordezkariak izendatu zituen.

Erdi Aroa

Erdi Aroa istilutsua izan zen Euskal Herrian, bandoen arteko gudak zirela-eta. Hemengo sendi boteretsuenak bi bandotan batu ziren, oinaztarrak eta ganboatarrak, eta bi mendez hainbat guda eta gertakari odoltsu izan zen, boterea lortu nahian. Artziniega ere setio saiakera baten lekuko izan zen; bertan, Pero Fernandez de Belaskok Juan Lopez Salazar de San Pelaio hil zuen Menan. Beste gertakari odoltsu bat izan zen 1447an, Mendietan. Artziniegako olagizonak ere istilu horien biktima izan ziren, 1491n Errege Katolikoek emandako babes gutun batek erakusten duen bezala. Gutun horretan burdinoletatik eta burdinaren merkataritzatik etekin handiak zituzten Largatxa de Iratzagorri leinuaren gehiegikeriak salatzen ziren. XV. mendean Hiribilduak Artziniegako bizitza politikoa eta ekonomikoa arautzeko Ordenantzak egin zituen. Artziniegako ekonomia gari uztaren mende zegoen, bi errota zeuden eta mahatsa, sagarra, intxaurra eta mihimena landatzen ziren; garrantzitsua zen txerri haztea eta gizentzea ere. Hiribilduko beste lanbideak, ostalaria, okina, harakina, arrain-saltzailea, ehulea, etab… Astero azoka izaten zen eta irailean feriak, Artean. Ferietara etortzen ziren beste herri batzuetako dendari, zapi-saltzaile, zapatari, sarrailagile, zilargile, eltzegileak, etab… Udalerriz gaindiko erakundeak, Ordunteko Batzak, Ordenantzak egin zituen 1473an, idatziz jasotzeko Artziniega eta inguruko herrien (Soxoguti, Retes Tudela, Santa Koloma eta Mendieta) arteko hartu-emana, larre eta basoak nola ustiatu erabakitzeko.

Aro Modernoa

Oso garai garrantzitsua izan zen Artziniegan. XVII eta XVIII. mendeetan harresiaren mugak gainditu eta harresiaren kanpoaldea okupatzen hasi ziren. Badakigu bi herri-arlo egon zirela, goikoa eta behekoa, ganadua gordetzeko eta gari-jotzea egiteko. Emigrazioak eta Amerikarekin zuen merkataritzak aurrerapena ekarri zuen ekonomia eta kulturaren aldetik, Ameriketan aberastutako emigranteek hezkuntza fundazioak sortu zituztelako. 1590ean, Pedro Saez de Ubaldik Ospitale bat fundatu zuen eliza ondoan. Hurrengo mendeetan birritan aldatuko zuten Hiribildutik kanpo zeuden beste eraikin batzuetara: lehenengoz, Zubiaurko kale kantoira eta azkenekoz Areatza auzora. XX. mendearen erdialdera arte egon zen zabalik. Hil zenean, 1608an, Pedro de Oribe Salazarren legatu batek Eskola Fundazio bat sortu zuen eta honek ere XX. mendearen erdialdera arte jarraitu du Jose de Menoiok, herriko beste indiano batek, XVIII. mendean izan zuen eskuzabaltasunari esker. Aldaketa sozialek legeak eguneratu beharra ekarri zuten. 1615ean Udal Ordenantza berriak idatzi ziren eta 1623an Ordunteko Batzarenak. Txakolingintzak hainbesteko garrantzia hartu zuen, ezen arauak ezarri zituzten hura zaintzeko, mahatsa biltzeko eta salmenta arautzeko.

Aro garaikidea

Garai honetan Artziniega sendotu egin zen eskualdeko ohiko trukegune gisa. Herrigunea zabaltzeko lanek jarraitu zuten, eta hala 1814. urtean Goiko Plaza urbanizatzen hasiko zen eta geroago Arteko bidea. Inguruetako jauntxoak Hiribildura etorri ziren eta jauretxeak eraiki zituzten, gerora Bilboko eta Madrileko familien udako egoitza izango zirenak. XIX. mendearen bigarren erdian lan garrantzitsuak egin ziren, Artziniega arlo guztietan modernizatzeko. Nabarmentzekoa da mila biztanle baino gehiago ez dituen herri bateko agintari eta herritarrek izan duten ekimena eta etorkizunerako ikuspegia, herri handiago bati dagozkion lanak onartuz eta abiatuz. Berrikuntzak egin ziren osasunaren arloan, ura ekarri zen; administrazioaren arloan, Udaletxe berria, kartzela eta udal baskula egin ziren (1864); hezkuntzaren arloan, eskolak egin ziren, bata neskentzat, bestea mutilentzat (1893); merkataritzaren arloan, azoka estalia egin zen; gizarte arloan, Zahar-etxea egin zen (1887); aisialdiaren arloan, frontoia eta kasinoa (1892) egin ziren
Share on FacebookTweet about this on TwitterGoogle+Pin on PinterestShare on LinkedIn