El Santuario
Kokaleku hori antzina-antzinakoa dela berretsi dute XX. mendearen bigarren erdialdean Santutegi barruan egindako obrek eta indusketa arkeologikoek. Izan ere, leku hori Aitzin Aroaren amaieran (IV-VI. mendeak) okupatu zuen erromanizatutako giza talde batek, geroago erromaniko aurreko tenplu bat altxatu zen eta 200 urte geroago erromaniko garaiko beste tenplu bat.

Ama Birjinaren egurrezko irudi erromaniko batek (XII. mendea) tenpluaren eta ama birjinari egindako kultuaren berri eman digute. Tenplua arte baten ondoan egin zen, Ama Birjinaren irudia agertu zen lekuan hain zuzen ere, eta beste leku askotan gertatu den legez, kondaira sortu zen: Aiarako Jaunak eliza egiteko eskubidea bereganatu nahi zuen Artziniegako herriaren aurrean, baina Jainkoa tarteko azkenean Artziniegak izan zuen eskubide hori.

1404an Benedikto XIII.ak Bulda bat egin zuen, Santutegian egin beharreko konponketak handiak zirelako; orduan hasitako lanak 1498an amaitu ziren.

Gotiko eta errenazimendu arteko tenpluari geroago gehituko zitzaizkion kaperak (Kristorena), egungo sakristia (XVI-XVII. mendea), girola itsua edo ibiltokia -absidearen oina inguratzen duena (XVII. mendea)- eta eliz ataria (XVIII. mendekoa), eta ostatua handituko zen (XVIII-XIX. mendeak), egun abade etxea dena. Gero, 1882an, kanpandorrea ukitu eta apur bat goratu zuten eta hala ezkila-multzoa aldatu. Organo berria ere jarri zuten. 1941ean, ekaitzak teilatua apurtu zuen eta konpondu eta teilaren ordez arbela jarri zuten.

Barruan, hiru nabe ditu eta balio handiko arte-lanak ditu: erretaula nagusia, estilo gotiko hispaniar flamenkoa da; Kristoren Kapera Errenazimendu garaikoa da eta 1608an fundatu zuen Pedro Oribe de Salazarrek; Guadalupeko Ama Birjinaren Erretaula eta bere agerpena, oholetan pintatuta, Mexikotik Artziniegako seme batek dohaintzan emanda; Azken Judizioaren pinturak (XVI. mendea) eta gangetakoak,… Balio handiko pinturak dira hauek: Judizioa, Cristobal de la Camaren zenotafioa eta tabernakuloa bera.

Ama Birjinaren debozioa Arabako, Bizkaiko, Burgoseko eta Kantabriako herrietara ere zabaldu zen eta horren erakusgarri dira erromesaldi, mirari, zin-opari eta itsasontzien erregistroak ere. Esate baterako, Bilboko 6 itsasontzitan Arteko Gure Amaren izena agertzen da XVII. mendean. 1954an Arteko Gure Ama koroatu zen eta inguruko herrietako agintariak bertaratu ziren.

Share on FacebookTweet about this on TwitterGoogle+Pin on PinterestShare on LinkedIn
Share on FacebookTweet about this on TwitterGoogle+Pin on PinterestShare on LinkedIn